XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Etorri da - esan zuen mutilak, suspirio bat baino ahots ozenxeagoz, eta desagertu egin zen.

Ziur zegoen Kim hasiera-hasieratik zegoela mutil hura bera gidatzeko jarrita, baina, ausart agertu nahian, gortina apartatu zuen.

Bizar beltzekiko gizon bat zegoen mahai batean eserita, bisera berde bat zuela begien aurrean; banaka-banaka, esku txiki zuriz, argi bolatxoak hartzen zituen eta zilarrezko hari dizdiratsu batean sartu, bitartean berekiko kantari.

Kim konturatu zen argi zirkuluaren atzean Ekialdeko eliza guztien usaina zerien gauzez beteta zegoela gela.

Muxketa ahokada, osasun bedar hatsaldi bat eta jasmin bafada eztitsu batek hartu zituzten bere sudur-zulo irekiak.

- Hemen naiz - esan zuen azkenean Kimek, bertako hizkuntzaz: usain haiek ahaztuerazi egin zioten sahib behar zuela izan.

- Hirurogeitaemeretzi, larogei, larogeitabat - kontatzen zuen gizonak bere artean, perla bat bestearen atzetik sartzearekin batera, horren bizkor non Kimek ezin bait zien ia behatzei jarraitu ere egin.

Bisera berdea kendu zuen eta Kimi begira-begira geratu zitzaion minutu erdi oso batez.

Begi-niniak zabaldu eta estutu egiten zitzaizkion orratz-buru bihurtu arte, bere borondatez egingo balu bezala.

Bazen fakir bat Taksaliko Ateetan dohain horixe zeukana: dirua ateratzen zuen hartatik, batez ere emakume ergelak madarikatzen zituenean.

Kimek interesez begiratzen zion.

Bere izen txarreko lagun hark belarriak ere mugi zitzakeen, ahuntzak bezala ia-ia, eta desilusionaturik geratu zen gizon honek ezin zuela hura imitatu ikustean.

- Ez beldurrik izan - esan zuen Lurgan sahibak bapatean.

- Zergatik izan behar dut bada beldur?.

- Hemen egingo duzu lo gaur gauean, eta nirekin egongo zara Nucklaora itzultzeko garaia izan arte.

Agindua da.

- Agindua da - berresan zuen Kimek.

Non egingo dut lo?.

- Hemen, gela honetan - Lurgan sahibak eskuari eragin zion atzean zuen ilunaren aldera.

- Ondo da - esan zuen Kimek lasai.

Orain?.

Gizonak baietz egin zuen buruaz eta buru gainera jaso zuen kriseilua.